XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1966 EKAINAREN 15 ASTEZKENA: Gauaz jina zen Goñi.

Astezken goizean aitak hitz bat etzuen ateratzen iduri zuen harek ere mundu huntako denborak orai bururatuak zituela eta hor zagola Jinkoak ahantzirik.

Alta 60 urte zituen oraino, bainan bizia ixuria zitzakon norapeit eta johana.

Begiak gatz-harria bezala zituen.

Haren aurpegia izigarri haundi iduritu zitzakon Goñiri.

Goñi juan zen pentze eta larretarik Iragorrirat.

Bazterrak ixil zauden.

Sukaldean ama eta Elena, biak begitarteak hanturik eta begiak gorri, han ziren barneko lanetan ari.

Aita pentzerat Xanekin johana.

Belarretan gibela ziren: nun zuten gemenik sistan artzeko?.

Bizkitartean bihotzmin izigarrienen gatik bizi behar! Lanak egin behar!.

Begoña hila izan balitz, biziki bihotzmin gutiago izanen zela, gauza jakina.

Eta etzirela Iragorrian ere hoin eroriak izanen.

Bainan, bainan, bizi baitzen nunbait, dohakabe eta galbidean!.

Orduantxe Goñik erran zeien dena.

Bi emaztekiak, lehenik begiak burutik ateratzeko heinean idekirik egonik, eskuak zabal-zabalik, ehiak luze-luzerik erori ziren nigarrez urraturik.

Errota ez baita nehoiz gelditzen, eta bizia, zen bezala baitzohan, belarrak egin behar ziren, artoak eskustatu, ardien ikusterat johan....

Goñi ere johan zen pentzerat.

Igundaño gauzak eta ekaiak etziren hain hits eta dolamen izan.

Oixe mendiak ziren gauza harrigarriak!.

Pentzeak ttipi, belarra txarra, artoak pintturak.

Xoriak berak okaztagarri ziren.

Zintzitoilak, otteak, uliak... zer kreatura ezdeusak!.

Garaziko mendietan etxe xuriak ixil-ixilik....

Lurrak etzuen geihago arimarik.

1966 EKAINAREN 19 IGANDEA: Goñi johan zen Lapurdi alderat.

Apez gazte bat nahi zuen elatu.